Kaixo berriz ere! Metodologiekin jarraituz, proiektuetan oinarritutako metodologiaren antzera, irakasleen laguntzaz landu dugu eta berriz ere gure (ikasleen) ezagutzetatik abiatuz.
Kasu honetan ere, talde txikitan hasi ginen irakasleak egindako galderei erantzuten eta ondoren, denon artean partekatzen:
- Zer dakizu txokoetan oinarritutako metodologiaz?
- Zer falta zaizu ikasteko?
Jarraian, irakasleak bere ikastolako adibide eta argazkiekin azalpena borobildu zuen.
Ondorio moduan, beste galdera bat egin ziguten azalpenaren ondorenean: Zeintzuk dira atera dituzun ideia edo ikaskuntza nagusiak? Hau ere denon artean hausnartuz.
Beraz, txokoen inguruan eta Begoñaren ikastolaren adibidea oinarri izanik, espazioaren antolamenduari dagokionez, gela bakoitza txoko baten moduan antolatzen da. Haurrak talde finkotan banatzen dira baina talde horiek beraien kabuz sortzen dituzte. Denborari dagokionez, haur talde bakoitza txoko batean egoten da eta denbora igarotzean, taldeak txokoz aldatzen dira. Kasu honetan, eraikuntza txokoa, plastika txokoa eta irakurketa txokoa bereizten dituzte eta tartean joku sinbolikoa ere ageri da.
Hau guztiaz gain, ezin dugu irakaslearen papera ahaztu. Metodologia mota honetan, irakasleak laguntzaile eta behatzaile rola izango du, eskuhartu behar izanez gero momentu egokia aukeratu ahal izateko. Gainera, txokoren batean haurrek aspertzen ari direla adierazten badute, edo material nahiko ez baldin badago, irakaslea gertatzen denaz ohartzea beharrezkoa da eta haurren jarrera hori errepikatuz gero, txoko horretan aldaketak egitea.
Irakaslearen rola kontuan hartuz, argi ikusten da behaketak ere ebaluatzerako orduan garrantzia handia duela. Horrela, irakasleak ikasle bakoitzaren trebetasun eta gabeziak ikusi ahal izango ditu, eta lehen esan bezala, behar izanez gero eskuhartu.
Amaitzeko, esan beharra dago, gaur egun txokoen bidezko metodologia hau ikastetxe askotan erabiltzen dutela baina gehienetan modu ezberdinetan, espazioaren antolamendu ezberdin batekin, edota denboralizazio eta taldekatze moduak aldatuz…
Metodologia honek izan ditzaketan aldaerak kontuan izanik, orokorrean metodologia interesgarria iruditzen zait, haurren interesak kontuan hartzeaz gain, haurrek atal ezberdinak probatzeko aukera ematen duelako.
Azkenik eta saioari amaiera emateko, aurreko saioan ikusitako proiektuetan oinarritutako metodologia eta txokoetan oinarritutakoa alderatzeko eskatu ziguten; bakoitzaren ezaugarri eta berezitasunak aipatuz eta desberdintasun / berdintasunak bilatuz. Hurrengo sarreran izango duzute alderaketa hori ikusteko aukera, beste bi metodologiekin batera.
Mila esker eta hurrengo arte!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina